XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Atzera begiratu eta neure zorigaiztoko irakaslearen gurariak asmatzen ahalegindu nintzen.

Leihoak itxita zeuden, beraz, elemental, Watson..., leihoa zabaldu beharra dago.

Hortaz, lasaitu, tente jarri eta ohorezko canciller baten ziurtasun eta dignitatez, leihoa ixtera abiatu nintzen.

Inork zabaltzen asmatuko ez zuen moduan itxi nuen.

Baina, bai zera... Ustez konponduta nuena, lehengo hartan jarraitzen zuen oraindino, edota okerrago, ze gero eta haserreago gure aingeru potoloa karraxi batean zegoen.

Neure aulkirako bidean, etsita, fraile kupelari zerion errosario eraman ezina egiten zitzaidan, eta okerren bat egiteko ere egon nintzen, baina....

- Zer arraio behar ete dau zaku honek...- jarraitu nion marmarka.

Eta frantsez txar batean, eta Babeleko langile baten etsipenagaz, ondoko ikasle bati, tutik ere ez nuela entenditzen aitortu behar izan nion.

Ez nuen zertan lotsaturik eta urguiluari eusten ahalegindu nintzaion, baina nire laguntzaileak, leihoa ostera lehen zegoen moduan zabalduta laga, eta pertsiana astun bat poliki-poliki jaitsi zuenean, gorritu eta beste leku batera apartatu behar izan nituen ezinbestean begiak.

Eguzkiak molestatzen zion, antza, gure Alicanteko turroiari.

Egun hartan bertan, handik alde egiteko planak egin genituen.

Izan ere, jendeak ez zuela hartarako interesik eta, bazterrean lagatzea erabaki zuten Marxi buruzko gorabehera guztia.

- Amsterdam!- bota zuen Xixariok ispirazio mementu batean.

- Orduan, ni ere zuekin noa - deliberatu zuen inguru giro hartan aspertu samarra zebilen gure Juana Marik.